Coubertin, Pierre de
Pedagogo eta kirolari frantsesa, Olinpiar Joko modernoen sortzailea (Paris, 1863 - Geneva, 1937). Militar ikasketak egin zituen. 1894. urtean, Olinpiar Jokoak berpiztea proposatu zuen hamalau nazioetako ordezkarien aurrean. Handik bi urtera nazioarteko Olinpiar Batzordea sortu zuen eta erakunde horretako lehendakari izan zen 1925. urtera arte. 1896. urtean, berak zuzenduriko batzordeak lehen Olinpiar Joko modernoak antolatu zituen Atenasen. Coubertinek kirol elkarte ugari sortu zuen. Hezkuntza fisikoari buruzko lanak ere eman zituen argitara.