Cooper, James Fenimore
Estatu Batuetako eleberrigile erromantikoa (Burlington, New Jersey, 1789 - Cooperstown, New York, 1851). Kolono baten semea zen eta New York estatuko indiarrekin harremanak izan zituen haurtzaroan. Walter Scottek bultzatuta hasi zen idazten. Bere lehenengo eleberriaz (Precaution, 1820) inolako arrakastarik lortu ez zuen arren, bigarrenarekin (The Spy, Espia, 1821) Estatu Batuetako eta Europako irakurleria bereganatu zuen (Europan bizi izan zen 1826-1833 urteetan). 1823-1841 bitartean Leatherstocking Tales (Larruzko Galtzerdiaren ipuinak) kontakizun bilduma eman zuen argitara. Natty Bumpo indiarrek jaso eta Larruzko Galtzerdia edo Belatzaren Begia izenez deitzen zuten haurra da bost kontakizun horietako pertsonaia nagusia. Kontakizunek XVIII. mende bukaeran Ingalaterrako eta Frantziako gudarosteen artean izan ziren gatazkak dituzte kontagai. Bere lan ezagunenak The Last of the Mohicans (Azken Mohikanoa, 1826), The Prairie (Zelaia, 1827) eta The Deerslayer (Orkatz ehiztaria, 1841) dira. 1838. urtean Estatu Batuei buruzko obra kritiko bat idatzi zuen: The American Democrat (Ameriketako demokrata). v Twain-en eta Poe-ren mailako idazleek haren estiloaren xinpletasunari kritikak egin bazizkioten ere, Cooper da Estatu Batuetako lehen urteetako giroa islatzen jakin duen idazle hoberenetako bat.