Conrad, Joseph. (Teodor Jozef Konrad Nalecz Korzeniowski, Joseph Conrad
deitua). Ingelesezko eleberrigilea, jatorriz poliniarra (Berditxev, Ukraina, 1857 - Bishopsbourne, Kent, 1924). Abertzale izateagatik erbestera bidali zuten idazle poloniar baten semea zen. Hamar urte zituela umezurtz gelditu zen, eta 17rekin itsasoratu egin zen. Mundu osoan zehar bidaiak egin ondoren, 1886. urtean Ingalaterrara jo zuen eta hango herritar bihurtu zen. Ez zuen hala ere itsasoa utzi, eta bidaiak egiten segitu zuen (Bonbay, Singapur, Borneo, Maurizio uhartea). Abentura eta irakurketa oso gustukoak zituen (Shakewspeare, Marryat, Scott eta Flaubert zituen gogokoen) eta bere adiskideen laguntzari esker hasi zen idazten. 1895ean eman zen argitara Almayer´s Folly (Almayer-en eromena) bere lehen liburua. Erritmoaren eta hitzen erabilera berezia zela eta, Conrad maisu bihurtu zen ingelesez idatzi zituen lanei esker, berez, ama hizkuntza ez bazuen ere. Haren eleberriek bezala, kontakizun laburrek ere arrakasta handia izan zuten Europan. Conraden lan gehienek itsasoa dute oinarri: 1896. urtean An outcast of the islands (Uharteetako arrotza), Borneoko trafikatzaileak, itsaslapurrak eta emakumeak nahasten diren istorioa eman zuen; The Nigger of the Narcissus (Narcissusko beltza, 1897) eleberrian sorginkeriazko giroan murgildu zituen ontzi bateko pertsonaiak; Lord Jim (1900) eleberriko pertsonaiak larrutik ordaindu zituen gaztaroan eginiko bidegabekeriak. Abenturazko hainbat eleberri idatzi zituen: Heart of darkness (1902, Ilunbeen bihotzean, Iñaki Ibañezek euskarara itzulia), Nostromo (1904), The Secret Agent (1907), Under western eyes (1911), Chance (1913), The Arrow of Gold (1919), The Rover (1923). 1912. urtean bere bizitzako oroitzapenak eman zituen argitara.
- Connemara
- Connery, Sean
- Connes, Alain
- Connolly, James
- Connors, Jimmy
- Conrad, Joseph. (Teodor Jozef Konrad Nalecz Korzeniowski, Joseph Conrad
- Conscience, Hendrik
- Consolo, Vincenzo
- Constable, John
- Constant, Alphonse Louis
- Constant, Benjamin