Connery, Sean
Antzezle eskoziarra (Edinburgo, 1930). Hainbat lanbide (igeltsero, besteak beste) izan zituen antzezle egin aurretik. South Pacific (1951) izan zuen lehen antzerki obra, eta 1956an egin zuen lehen filma, Lewis Allenen Beste garai bat, beste leku bat. James Bond (007) agentearen paperak ekarri zion ospea, eta 1962an egin zuen munduko espioi famatuena bihurtuko zenaren lehen filma, Doctor No. Sail berekoak dira, besteak beste, Errusiatik, maitasunez (1963) eta Diamanteak betirako dira (1971). Bestelako paperik egiteko ere gauza badela sobera frogatu izan du, eta horren erakusle dira Hitchcocken aginduetara eginiko Marnie (1964) edota Hustonekin egindako Errege izan nahi zuen gizona (1976). James Bond agentearena beste behin egin zuen 1983an: Sekula ez esan sekula ez. Bigarren mailako aktore hoberenaren Oscar saria eman zioten 1987an Ukiezinak filmagatik. Aipagarriak ditu beste honako filmok ere: Robin eta Marian (1976), Arrosaren izena (1986), Hilezkorrak (1986), Indiana Jones eta azken gurutzada (1989), Errusia Etxea (1990), Urri Gorriaren ehiza (1990).