Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Clemente Lázaro, Javier

Bizkaitar futbol jokalari eta entrenatzailea (Barakaldo, 1950). Bilboko Athletic taldeko jokalaria izan zen. Zauri larri baten ondorioz erretiratu egin behar izan zuen. Entrenatzaile ibilbidea Arenas de Getxo taldean hasi bazuen ere bere, Athleticekin estreinatu zen lehen mailan 80-81 denboraldian. Garai hartan Athleticek bi Liga txapelketa irabazi zituen jarraian, 1982-1983 eta 1983-1984 denboraldietakoak hain zuzen ere. Athleticekin orobat, 1984ko Errege Kopa eta 1985eko Superkopa erdietsi zituen. Bilboko taldeaz gainera, Bartzelonako R.C.D Espanyol, Atlético de Madrid, eta Real Betis zuzendu ditu. 1992tik 1998ra bitartean Espainiako selekzionatzaile lanetan aritu zen. Estatu Batuetako (1994) eta Frantziako (1998) Mundialetan; Ingalaterrako Eurokopan (1996) ere aritu zen entrenatzaile bezala. 1999. urtean Real Sociedad taldeak kontratatu zuen entrenatzaile bezala, Krauss teknikari alemaniarraren ordezko izan zedin. Taldearen emaitza kaskarrak zirela-eta, urtebete baino ez zuen Donostian eman Javier Clementek, eta 2000. urteko urrian bertan behera geratu zen talde zuri-urdinaren eta entrenatzaile bizkaitarraren arteko akordioa. Periko Alonso tolosarrak hartu zuen orduan taldearen ardura eta, handik gutxira, Marseillako (Frantzia) Olympique taldeko entrenatzaile izendatu zuten Javier Clemente.