Clément, René
Zinemagile frantsesa (Bordele, 1913 - Montecarlo, 1996). Frantziako zinemaren klasiko handienetakoa izan zen. Hasieran Italiako neorrealismoaren bidetik jo zuen, eta horren erakusle da Errailaren bataila (1946) filma. Frantziako Erresistentzian trenbideetako langileek izan zuten parte hartzea du gaitzat filmak, eta antzezle ez profesionalak erabili zituen. Hurrengo filmak ere –Jolas debekatuak (1952)– Bigarren Mundu Gerra du ardatz, eta frantziar zinemagintzako pelikula ospetsuenetakoa da. Beste bide batzuk jorratu zituen gerora, eta genero ugari landu zituen: film belikoak, thrillerrak… Aipatzekoa da Eguzki berotan (1959), Patricia Highsmithek sortutako Ripley pertsonaia ospetsua lehenbizikoz zinemaratu zuena; film horrexek egin zuen Alain Delon ezaguna. Podukzio beliko handi bat ere egin zuen –Sutan al dago Paris? (1966)–. Beste film batzuk: Ripois jauna (1954), Gervaise (1955), Euripeko ibiltaria (1969).