Clarke, Arthur Charles
Britainiar ingeniaria eta zientzia fikziozko idazlea (Minehead, Somerset, 1917 - Colombo, Sri Lanka, 2008). Artean haurra zela, ilargiaren mapa bat marraztu zuen, etxean egindako teleskopio baten laguntzaz. Astronomia eta espaziora bidaiak egiteko proiektuak gazte gaztetatik gustatu zitzaizkion. Bigarren Mundu Gerran Erresuma Batuko aire armadako ofizial izan zen, eta lehenengo radar tresneriekin lan egin zuen. Gerra amaitu ostean, fisika eta matematika ikasi zituen Londresko King´s College Unibertsitatean. 1945ean Wireless World aldizkarian proposatu zuen orbita geoegonkorretan dauden sateliteak erabiltzea munduko telekomunikazioetarako. Bestalde, saiakera egile gisa ospe handia izan zuen zientziaren eta espazioaren inguruko lanekin. Clarkeren lehen kontakizunak 1940ko hamarraldiaren azkenaldera agertu ziren eta hiruzpalau eleberri argitaratu zituen gero, teknologia aurrerakuntza gaitzat hartuta. “Zientzia gizon entzutetsu baina aguretu batek zerbait ezinezkoa dela dioenean, segur aski oker dago”, idatzi zuen, behinola. Clarkek zientzia fikzioaren alorrean argitaratutako lanen artean aipatzekoak dira Childhood´s End (1953, Haurtzaroaren amaiera), A Fall of Moondust (1961, Ilargi hauts erauntsia), The Fountains of Paradise (1979, Paradisuko iturriak) eta 2001: A Space Odyssey (1968, 2001: Odisea bat espazioan), azken hau oso ezaguna, Stanley Kubrick-ek izenburu berberarekin zinemara eraman eta izugarrizko arrakasta lortu ondoren. 1950eko hamarraldian itsaspeak esploratzeko interes bizia piztu zitzaion eta, urpeko argazkilaritzan interesaturik, Sri Lankara joan zen bizitzera eta Indiaren hegoaldeko uharte hartan bizi izan zen. Kubricken filmak bildutako ospeak adoretuta, gai berari buruzko beste zenbait liburu idatzi zituen Clarkek, 1970eko hamarraldian. Geroago, nerbio sistemako gaixotasun batek erasanda, idazteko ia gauza ez zela geratu zen. 1989an, Egun sinesgaitzak: zientzia fikziozko autobiografia argitaratu zuen. Hirurogei bat liburu idatzi zituen, hainbat hizkuntzatara itzuli direnak, eta berrogei milioi aletik gora saldu zituen mundu osoan.