Clark, Jim
Estatubatuar informatikaria eta enpresaburua (Texas, 1944). Fisikako ikasketak egin zituen New Orleansko Unibertsitatean (1971), baina informatikako doktoregoa egin zuen, Utah-ko Unibertsitatean. Ordenagailuen teknologian izan diren enpresa indartsuenetako bi sortu zituen: Silicon Graphics, Inc. (SGI) eta Netscape. SGI enpresak 3 dimentsioko aplikazio aurreratuetarako softwarea eta prozesatzaileak sortzen ditu: hegaldien simulaziorako, aeroespazio eta automozio diseinuetarako, Interneteko irudietarako, zinematikako efektu berezietarako, eta abar. 1994an, Jim Clark-ek Netscape enpresa sortu zuen Marc Andreesen-ekin batera, eta Interneteko lehen arakatzailearen bertsio aurreratua (NCSA Mosaic) merkaturatu zuen. Clark-ek Healtheon Corp. enpresa ere sortu zuen. Enpresa horrek Internet eta Web teknologia erabili nahi ditu osasun sisteman informazio eta komunikazio sistemak sustatzeko.