Claude, Albert
Belgikar-amerikar biologoa (Longlier, Belgika, 1898 - Brusela, 1983). Belgikan egin zituen ikasketak, Liejako Unibertsitatean, eta lehenengo ikerlan garrantzitsuak New Yorkeko Rockefeller Institutuan egin zituen 1930eko hamarraldian eta 1940koan zehar. 1941. urtean amerikar hiritartasuna eskuratu zuen, eta 1949an belgikar eta amerikar hiritartasunak, biak, hartu zituen. Rockefeller Unibertsitateko katedraduna eta Bruselako Free Universityko katedraduna izan zen, eta 1948-1971 bitartean Belgikako Jules Bordet Institutuko zuzendari lanetan jardun zuen. 1974. urtean Medikuntzako Nobel saria eman zioten, zelula bizien biologiari buruz egindako ikerlanengatik. Nobel saria Christian de Duve belgikarrarekin eta George E. Palade amerikarrarekin banatu zuen; zelulen biologia modernoaren aitzindari izan ziren hirurak. Clauderen ekarpen nagusia zelularen osagaiak bereizteko eta osagai bakoitza bere aldetik, elkarretatik bereiz, ikertzeko zentrifugadore bat (hau da, lastertasun handian biratzen den tresna bat) erabiltzea izan zen. Zentrifugazio diferentziala deritzo Claudek asmaturiko prozedura horri, eta garrantzi handiko teknika da ikerketa biologikoen alorrean. Bestalde mitokondriak arnasketan betetzen duen zeregina zehaztu zuen, eta zelulen zitoplasman proteinak pilatzen diren mintza ere, mintz endoplasmiko deritzona, berak aurkitu zuen. Claude izan zen, orobat, ikerketa biologikoetan mikroskopio elektronikoa erabili zuen lehen ikertzailea (1942an, zelularen zatiak bereiz aztertzeko lanetan hain zuzen ere).