Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Cillero Goiriastuena, Javier

Bizkaitar idazle eta itzultzailea (Bilbo, 1961). Kazetaritza eta itzulpengintza ikasketak egin ondoren, Renoko Basque Studies Program-en ibilia da euskal literatura lantzen. 1994an argitaratu zuen lehen narrazioa, Lizardi saria jasotakoa: Eddy Merckxen gurpila. Harrezkero Norena da Virginia City? (1995) kronika liburua, Uztailaren 4a, Renon (1999) antzerki lana, eta Hollywood eta biok (1999) eleberria plazaratu ditu. Baiona Blues lanarekin Ignacio Aldecoa ipuin lehiaketa irabazi zuen 1996an. Igartza saria eta Donostia Hiria saria ere eskuratu ditu. 2001ean gazteentzako abentura liburu bat argitaratu zuen: Thailandiako noodle izugarriak, eta 2006an, Renon kokatua dagoen kontakizun liburu bat: Ero hiria. Bestalde, hainbat idazleren literatura lanak euskarara itzuli ditu, hala nola Mark Twain, Roald Dahl, Charles Dickens, Robert Bloch, Ross Macdonald eta Ernest Hemingwayrenak.