Cíes Uharteetako parke naturala
Espainiako parke naturala, Vigoko itsasadarrean, Pontevedrako probintziaren barruan (Galiziako Autonomia Erkidegoa). Parke naturalak Cíes uharte guztiak (Ozeano Atlantikoan) hartzen ditu: Norte edo Monte Agudo uhartea, del Medio edo del Faro uhartea (aurrekoarekin harkaitzez lotua), del Sur edo de San Martín uhartea eta beste hainbat uharte txiki. Morrazo penintsularen luzapen orografikoa eta litologikoa da parke natural hau. Ez da garaiera handiko lekua, gune garaienak, Alto de las Cíesek hain zuzen, 193 m-ko garaiera besterik ez du. Mendebalderantz kostaldea malkartsua da, ekialderantz, itsasadarrari begiratzen dion aldera alegia, hondartza leunak (Das Rodas, esate baterako) dira nagusi. Cíes Uharteeko parke naturala 1980an sortu zen eta Espainian den parke naturalik txikiena da (433 ha). Hala ere, edertasun handiko lekua da eta Vigotik hurbil dagoenez gero, bisitari ugari izaten ditu udan. Cíes uhartedian Neolitoaz geroztik bizi dira gizakiak eta druiden garaiko arrasto arkeologikoak eta kastroen kulturaren garaikoak gorde dira. Lusitaniar talde batzuk bertan ezkutatu ziren, baina Julio Zesarrek suntsitu egin zituen. Erdi Aroan monasterio txiki bat egon zen bertan. Landareei dagokionez, ote zuriak, estrepak eta elorrin beltzak dira nagusi, eta horiez gainera, itsas pinuak, Monterreyko pinuak eta eukaliptoak aurki daitezke. Abereei dagokionez, hegaztiak dira nagusi, eta horien artean, zangak, artikoko aliota eta gabaia. Bestalde, Espainiako kaio hauskara eta ubarroi mottodun kolonia nagusiak egoten dira bertan. Horiez gainera, ugariak dira haitz usoak, martin arruntak, aztoreak, beleak eta sorbeltz arruntak.
- Cid Campeador, El
- Cid Tostado, Almudena
- Ciechanover, Aaron
- Cienfuegos
- Cíes Uharteetako parke naturala
- Cieslewicz, Roman
- Ciganda
- Ciganda, Carlota
- Cildoz
- Çiller, Tansu