Cid Campeador, El
(Rodrigo Díaz de Vivar «El Cid Campeador» deitua). Errekonkista garaiko Gaztelako heroia (Vivar, Burgos, 1043 - Valentzia, 1099). Gaztelako Sancho II.a erregearen zerbitzaria izan zen baina, elezaharrak dioenez, Alfontso VI.aren alde jarri zen hura hil zenean (Santa Gadeako Zina) eta, ordainetan, erregearen lehengusu Jimenarekin ezkondu zen 1074an. Baina erregeak, mendeko ausartegia zela eta, egotzi egin zuen bere lurretatik (1079) eta Rodrigo Díaz de Vivar Iberiar Penintsulako printze kristau eta musulmanen gudari ordaindu hasi zen, epe laburrean garaipen handiak lortu zituelarik. Garai honetan hasi ziren Cid deitzen (arab. sidi «jaun»). 1094. urtean Valentzia musulman erreinua konkistatu zuen eta Ramon Berenguer II.aren aurka borrokatu zen. Valentzian hil zen 1099. urtean, bertako jaun zenean. v Gaztelako zalduneriaren eta errekonkistaren sinbolo bihurtu, eta elezaharretako pertsonaia izan zen Cid bere garaian. 1140. urte aldera Cantar del Mio Cid izeneko poema epikoa idatzi zen, Gaztelako Erdi Aroko zaldun literaturako lehen lan nagusia, Rodrigo Díaz de Vivar-en bizitzari buruzko egiazko datu interesgarri ugari eskaintzen dituena. Lan honetan oinarri hartuta sortu ziren Cid-en erromantzeak (Romancero del Cid delakoan bilduak), Guillén de Castro-ren Las Mocedades del Cid (1618) eta Corneille frantsesaren Le Cid (1638). ik. Cantar del Mío Cid.