Cellini, Benvenuto
Italiako eskultore, zilargin eta idazlea (Florentzia, 1500 - Florentzia, 1571). Italiako Errenazimentuko artistarik garrantzitsuenetakoa izan zen. Zilargin handia, eskultore trebea eta teorialari zorrotza izan zen. Florentzia, Siena, Pisa eta Erroman ikasi zuen. Hemeretzi urterekin Erromara jo behar izan zuen, Florentzian izan zuen liskar baten ondoren. 1529. urtean lantoki bat sortu zuen Erroman, Klemente VII.a Aita Santuaren laguntzaz, eta urregintzako lan bikainak egin zituen han (Leonardo, Rafael, Michelangelo eta Filippino Lippi-ren irudietan inspiraturiko diruak eta dominak). Frantziako Frantzisko I.ak gonbidatuta, Frantziara aldatu zen, eta bertan bizi izan zen 1540-1545 urteetan. Garai hartako obra nagusia Fontainebleauko ninfa behe-erliebe bikaina izan zen (1543, Louvreko Museoa). 1545. urtean Florentziara itzuli eta, Kosme Mediciren babespean, bere eskultura obra handienak egin zituen ondoko urteetan: Cosme I.a (1545-1548), Narciso (1548) eta Perseo (1545-1548), bere eskultura ospetsuena. Bizitzaren azken urteetan bere oroitzapenak idatzi zituen (Vita, 1728an argitara emanak). v Abentura, emakume eta parranda zalea zen Cellini, eta baita artista bikaina ere; inork ez bezala jaso zituen Donatello eta Michelangelo, bere aurreko eskultore bikainen oreka, grazia eta dohain handiak.