Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Celaya, Gabriel

(Rafael Múgica Celaya-ren goitizena). Gipuzkoar poeta, espainieraz idatzi zuena (Hernani, 1911 - Donostia, 1991). 1936. urtean, gerra hasi baino lehen, Gustavo Adolfo Bécquerren mendeurreneko saria eman zioten La soledad cerrada (Bakartasun itxia) poema liburuagatik (1947an argitaratua). 1927ko belaunaldiko poetekin harremanak izan bazituen ere, bera 36ko belaunaldiko poetatzat hartua izan da. «Poesia soziala» delakoaren teorizatzaile eta bultzatzaile nagusietako bat izan zen hasieran. Alegia, Celayarentzat, «poesia, mundua aldatzeko tresna da». Azken urteetan, ordea, joera horretatik aldendu eta lurrarekin, itsasoarekin eta paisaiarekin lotuago sentitzen du bere burua. Bere kezka nagusia da gizona kosmosaren barruan kokatzea. Filosofo presokratikoek eraginda, Celayak berak orfikoa deitzen duen poesia mota egin zuen, orduan. Ehun liburu inguru idatzi zituen guztira, genero guztietakoak (poesia, antzerkia, eleberria, saioa…); gainera, gaztelarazko idazle klasikoen azterketak eta gaztelaniarako itzulpenak ere egin zituen (Rimbaud, Eluard, Rilke…). Celayaren literatura teoria ulertzeko ezinbestekoak dira saio liburuak irakurtzea: Poesía y verdad (1960), Inquisición de la poesía (1972).  v  Hauek ditu lan nagusietako batzuk: lehena, Marea del silencio (Ixiltasunaren itsasaldia, 1935), Las cartas boca arriba (Kartak ahoz gora, 1951), Cantos Iberos (Iberiako kantuak, 1955), Baladas y decires vascos (1965, Euskal baladak eta esaerak), Cantos y mitos (Kantak eta mitoak, 1983), etab. 1990ean azken poema liburua argitaratu zuen, Orígenes, gaztelaniaz eta euskaraz. Lehentxeago argitaratu zuen Gaviota (Kaioa) argitarapen elebiduna hau ere, Celayaren obraren antologia nagusia.