Castoriadis, Cornelius
Frantses filosofoa eta psikoanalista (Istanbul, 1922 - Paris, 1997). Hamabost urte zituela boluntario sartu zen Gazte komunisten taldean Metaxasen diktadurari aurre egiteko. Gerra garaian talde trotskista baten barruan alemaniarren okupazioaren kontra lan egin zuen. 1945ean Parisa iritsi zen eta Alderdi Komunista Internazionalistan (trotskista) sartu zen, eta ondoren Sozialismoa edo basakeria aldizkaria eta taldea sortu zituen. Haietan batetik estalinismoa, eta bestetik trotskistek beren buruari egiten zioten kritika falta salatu zituen; sobietar burokrazia eta burokrazia kapitalistari aurre egitea eskatzen zuen: Produkzio harremanak Errusian eta Iraultza burokraziaren kontra (artikulu bilduma, 1973). Talde hori desegin zenean 1966-1967 urteetan, Castoriadisek marxismoa utzi zuen, esaten baitzuen marxismoaren baitan kontraesana zegoela iraultza proiektuan bertan: Marxismoa eta iraultzaren teoria (1964-1965). Haren iritziz iraultzaren benetako helburua gizartea bera antolatzea izan behar zuen, eta ahalmen sortzaile modu guztien garrantzia azpimarratzen zuen: Gizartearen Irudizko erakundea (1975), Ekologiatik autonomiara (1981), Mundua zatitua (1990), Egina eta egitekoa (1997). Gizarte Zientzietako Eskolako ikasketaburu izan zen 1979. urteaz geroztik.