Castiñeiras García, Maximino
Galiziar poeta eta politikaria (Ortoño-Ames, Coruña, 1906 - Coruña, 1992). Gaztaroan errepublikarra izan zen, eta Galiziako Azañazaleen inguruko taldeekin harremanak izan zituen; Manuel Azañaren gidaritzapean, Izquierda Republicanak 1930eko hamarraldian bereganatu zituen ideial ilustratu, berritzaile eta demokratikoen bultzatzailea izan zen. Gerra zibilaren garaian Errepublikaren aldeko jarrera mantendu zuen, eta gerraostean, 1939an, mendeku eta jazarpenak pairatu zituen. Bere obrari dagokionez, Castiñeirasek poesia landu zuen, sentimendu liriko handiz jantzia, eta gizakiarekiko eta Galiziarekiko bere bokazioaren agergarria dena. Izan ere, Galizia da bere lan gehienen gai nagusia; galiziar kultura galtzeko bidean ikusten zuen, eta bere olerkiekin berpizten lagundu nahi izan zuen frankismoaren garai latzean. Horien artean nabarmentzen dira Mi tierra (Nire lurra), Del corazón al lector (Bihotzetik irakurlearengana), Tres poemas y una tierra (Hiru poema eta lur bat) eta Los de mi tiempo (Nire garaikoak). Monarkia konstituzionala ezartzean, 1977an, Alderdi Sozialistan sartu zen Castiñeiras, eta bi urte geroagoko hauteskundeetan Ames-eko zinegotzi aukeratu zuten.