Carvalho, Otelo Saraiva de
Militar eta politikari portugesa (Mozambike, 1936). Salazarismoaren azken hondarrei Marcelo Caetanoren gobernuari bukaera eman zien Krabelinen Iraultzaren bultzatzaile eta buruetakoa (1974ko apirila) izan zen. Portugalek Afrikan zeuzkan kolonietan militar lanetan ibilia zen, eta han jabetu zen zenbaterainokoa zen portugaldarren haserrea amaiera gabeko gerra kolonial harekiko. Beste zenbait ofizial gazte eta demokratarekin batera prestatu eta burutu zuen 1974ko apirilaren 25eko iraultza, Europako diktadura zaharrena odol isurketarik gabe ezereztu zuena. Ezkerreko mugimenduetan ibili zen, eta 1987an 15 urteko espetxe zigorra ezarri zion Lisboako epaitegi batek, FP-25 de Abril (Apirilak 25 Herri Indarrak) erakunde armatuaren hainbat ekintzarekin loturarik bazuelakoan. 1989an askatu zuten, behin-behinekoz.