Caracasko Gipuzkoar Errege Konpainia
XVIII. mendeko Gipuzkoako merkatari erakundea. 1728. urtean sortu zuten Gipuzkoako handikiek, Francisco de Munibe Peñafloridako kondea zutela buru, eta Donostiako merkatariek, akzioen bidez, Venezuelarekiko trafikoan aritzeko. Gisa honetako lehen erakundea izan zen Espainiako estatuan. Gipuzkoako Batzar Nagusien onarpena eta laguntza jaso zituen erakundea sortzeko erabakiak. Espainiako Filipe V. erregeak hala aginduta, Gipuzkoako konpainiari, Venezuelaren eta Pasaiaren arteko joan-etorria zuzenean egin ahal izateko eskubideaz gainera (joaterakoan Cadiz-tik igaro gabe hain zuzen), Venezuela, Cumaria, Trinidad, Guaiana eta Margaritarako trafikoaren monopolioa eman zitzaion (kakaoa, kontrabandoaren aurkako aginpide bereziak eta legez harrapaturiko ontzietako guztia gordetzeko ahalmena). Hasieran akzio askorik saldu ez bazen ere (akziodun nagusietakoa erregea bera izan zen), izandako mozkinek eta ondoren eginiko inbertsioek guztiz elkarte ahaltsu bihurtu zuten. Gipuzkoak eta, batez ere, Donostiak, urte oparoak izan zituzten; bertako burdingintza eta armagintza suspertu ziren, Donostia merkataritza leku garrantzitsu bihurtu zen, eta Pasaia lehen mailako portu. XVIII. mendearen erdialdean hasi zen Gipuzkoako konpainiaren gainbehera: Venezuelako kakao egileen haserreak (monopolioak kakaoa merke saltzera behartzen zituen), ingelesen erasoek eta Europako merkatari enpresa handien lehiak ekarri zuten egoera hau. 1751. urtean Gipuzkoako konpainia Madrila aldatu zen, gobernuak merkataritza librea aldarrikatu zuen 1778an, eta 1785ean desagertu zen Caracasko Gipuzkoar Errege Konpainia. Bertako ekaiak Ameriketara eramateaz eta kakaoa eta kolonietako beste gai batzuk ekartzeaz gainera, esklaboen salerosketan ere jardun zuen Gipuzkoako konpainiak.
- Kapulet
- Caqueta
- Carabobo
- Karakala, Marko Aurelio
- Caracas
- Caracasko Gipuzkoar Errege Konpainia
- caracastar
- Caramanlis, Constantinos
- Caravaggio
- Carballido, Emilio
- Carballo, Emmanuel