Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Caracas

Venezuelako eta Caracas probintziako hiriburua. Altuera, 1050 m. 1.817.000 biztanle (1981). Hirialdeak 3.041.000 biztanle ditu. Kostaldeko mendien arteko haran batean dago, Karibe itsasotik 36 km-ra (La Guaira da Caracasko portua). Artzapezpikutegia. Lau unibertsitate. v Ekonomia. Venezuela estatuko merkataritzagune eta industriagune nagusia da: eraikuntzarako gaiak, ehungintza, zapatagintza, metalurgia, kimika industria eta, batez ere, petrolioa. Nazioarteko aireportua Maiquetian. Caracastik abiatzen da Kolonbiaraino iristen den Gran Carretera Transandina izeneko errepidea. Historia. 1567. urtean Diego de Lozada espainiarrak sortu zuen Caracasko hiria, 1498. urtean Kolon-ek aurkitu zuen herri batean (caraca deitu indiarren herrian hain zuzen) eta Santiago de Leon de Caracas izena eman zion. 1578an Venezuelako koloniako hiriburu eta kapitain nagusiaren egoitza bihurtu zen. 1721. urtean sortu zen Caracasko unibertsitatea. Gipuzkoako Errege Konpainiari esker, Caracasek urte oparoak izan zituen XVIII. mendean. Gipuzkoako konpainiari eman zioten monopolioak oso haserre utzi zituen bertako lurjabeak eta burgesak, eta liskar ugari izan zen Caracas bertako eta metropoliko burgesen artean. Berrogeita hamar urte iraun zuen monopolioak (1742-1792). 1811. urtean, Venezuelaren burujabetasuna aldarrikatu zuen Caracasko hiriak, baina espainiar osteek berriro hartu zuten Caracas ondoko urtean. Simon Bolivarrek hiria hartu zuen 1813an, baina espainiarren esku geratu zen berriro 1814an. Caraboboko guduaren ondoren (1821), Kolonbia Handia deituriko lurraldeak burujabetasuna eskuratu zuen eta Bogota hiriburu nagusiaren mendean geratu zen Caracas. 1830. urteko urtarrilean Venezuela Kolonbia Handi hartatik bereizi zen eta Venezuelako hiriburu bihurtu zen Caracas. XX. mendearen lehen erdialdean, petrolioak aldaketa handia ekarri zuen hiri zaharrera eta egun Caracas Hego Ameriketako hiri modernoenetakoa da horri esker.