Caine, Michael
(Jaiotza izena, Maurice Micklewhite). Britainiar antzezlea (Londres, 1933). Zale gisara hasi zen antzerki, telebista eta zinemagintzan, paper txikiak eta laburrak eginez. Julian Amyesen Muino bat Korean (1956) izan zuen lehenbiziko filma, eta ez zuen sosik ere kobratu hartan lan egiteagatik. Bigarren mailako hainbat paper egin zituen ondoren, 1963an Zulu errodatu zuen arte, Cy Endfielden aginduetara: Hegoafrika britainiarren pean zegoen garaian kokatzen da filma, eta ofizial aristokrata baten papera egiten du Cainek. Hurrengo arrakasta britainiar zerbitzu sekretuetako agente gisa (Harry Palmer) lortu zuen, Ipcress (1965) filmari esker. Hurrengo urtean (1966) Alfie egin zuen, L. Gilberten zuzendaritzapean. Hortik aurrera heldu zitzaizkion Hollywooden lan egiteko eskaintzak, baita paper hoberenak ere: Sleuth (1972, Arrastoa), Laurence Olivierrekin buruz buru egindako izugarrizko filma (antzerki obra tankerakoa), Joseph L. Mankiewiczek zuzendua; Errege izan nahi zuen gizona (1975), John Hustonen aginduetara egina eta Sean Connery protagonistakide duena. Ondoren egin zituen California suite (1979), Herbert Rossek zuzendua; Ihesa ala garaipena (1980), berriro ere John Hustonen aginduetara; Nahaspila Rion (1984), Stanley Donenekin; Hannah eta bere ahizpak (1986), Woody Allen zuzendari zuela (Oscarra jaso zuen Cainek film horretan egindako lanagatik); Askatasun gozoa (1986), Alan Aldarekin; Limurtzaile parea (1988), Frank Ozek gidatua. 1990eko hamarraldian film hauek egin ditu, besteren artean: Jekyll & Hyde (1990), Blue Ice (1992, Izotz urdina), Bullet to Beijing (1995, Bala bat Pekinera), Blood and wine (1996, Odola eta ardoa), Mandela and Klerk (1996), The cider house rules (1999, Sagardoaren etxeko arauak). Azken film horrengatik banaketako antzezle hoberenaren Oscar saria jaso zuen.