Kalagorri
Errioxako hiri zaharra, izen bereko epai barrutiko hiriburua, 2.000 urtetik gora dituena. 17.857 biztanle. Zidakos ibaiaren ezkerraldean dago, Ebro ibaitik 3 km-ra. Garrantzi handiko merkataritzagunea da: bankuak, janari industria eta ongarri kimikoak. v Historia. Kalagorri (Calagurris Nasica), Ager Vasconum delakoan bizi ziren baskoi euskaldunen hiri nagusia zen K.a. I. mendean. Erromatarrek kolonizatu ondoren, apezpikutegi kristau bihurtu zen V. mendetik aurrera. VIII. mende bukaeran arabiarren mende geratu zen 1045. urtera arte. Urte hartan bertan berregituratu zen Kalagorriko apezpikutegia. Historian zehar Errioxarekin lotuta izan da Kalagorri, eta Gaztelako eta Nafarroako erregeen esku egon zen aldika, 1331. urtean Gaztelako Koroak betiko beretzat hartu zuen arte. Iruñea eta Baionarekin batera, Euskal Herriko eliz barruti nagusietako bat (Euskal Herriko mendebala hartzen zuena) izan da Kalagorri denbora luzean.