Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Caillois, Roger

Frantses antropologo eta idazlea (Reims, 1913 - Paris, 1978). Buenos Airesko Institutu Frantsesa sortu zuen, eta espainierazko literatura eman zuen ezagutzera Frantzian. G. Bataille-rekin eta M. Leirisekin batera, Collège de Sociologie delakoa sortu zuen eta Diogène giza zientzien aldizkariaren zuzendari izan zen. Egungo gizarte eta zibilizazioaren kritikari zorrotza izaki, ordena arrazionala eta koherentzia aldarrikatu zituen (Mitoa eta gizona, 1938). Soziologia (Bellone edo gerraren malda, 1963) eta estetika (Fantastikoaren bihotzean, 1965; Harrien idazkera, 1970) landu zituen bereziki. Gizona eta sakratua lanarekin (1939), arte eta literatura sorkuntzaren inguruko gaietara lerratu zituen, nagusiki, bere ikerlanak.