Cabrera y Griñó, Ramón
Kataluniako militar karlista (Tortosa, 1806 - Wentworth, Ingalaterra, 1877). 1833. urtean Maestrazgon (Castelló) ziharduten gudaroste karlistetan sartu zen, eta, Carnicer buruzagia hil zenean, Aragoi Behereko oste karlisten komandante izendatu zuten. Andaluzian eta Extremaduran ibili ondoren (1836) Maestrazgora itzuli zen. 1837. urtean Madrila jo nahi izan zuen, baina liberalek garaitu zuten Arañuequeko guduan eta Maestrazgora itzuli zen berriz ere. 1839. urtean ez zuen Bergarako ituna onartu eta liberalen aurkako gerran segitu zuen. Euskal Herriko gerra amaitu zenean, ordea, Esparterok Cabreraren aurka bildu zuen armada guztia eta Frantzia aldera igaro behar izan zuen 1840. urtean. 1848ko ekainean Cabrera Kataluniara joan zen bertan altxatu ziren talde karlistak antolatzera (Guerra dels matiners, 1846-1849). Hasieran nolabaiteko arrakasta izan bazuen ere, 1849an alde egin behar izan zuen Frantziara eta handik Ingalaterra aldera jo zuen. 1850. urtean ingeles aberats batekin ezkondu zen eta Karlos VII.a karlisten erregearengandik gero eta urrunagotu zen.