Cabo Vives, Francesc de
Politikari eta iraultzaile katalana (Buenos Aires, 1891 - Bartzelona, 1997). XX. mende hasierako mugimendu anarko-sindikalistaren ekintzaile nabarmenetakoa izan zen. Familiaren lan arazoak zirela eta, Argentinatik Bartzelonara jo zuten 1917an. Goi mailako ikasketarik ez zuen egin, baina kultura handia bereganatu zuen, edozer irakurtzeko zaletasuna baitzuen, eduki filosofiko-politikoko obrak batik bat. Kropotkin, Trotski eta Bakuninen ideiek eragin handia izan zuten berarengan. Bigarren Errepublikaren aurreko urteetan hainbat talde ezkertiar-errepublikazaletan ibili zen, eta garai horretan egin zen CNT sindikatu anarkistako kide ere. Organizazio eta propaganda lan handiak egin zituen CNTn, eta hantxe ezagutu zuen Andreu Nin iraultzaile katalana. 1930 aldera sartu zen Nin buru zuen alderdian, ICEn (Espainiako Ezker Komunista). Nin eta Trotski elkarrekin haserretu (1934) eta handik bi urtera sortu zuten Cabok eta Ninek POUM (Batasun Marxistaren Langileen Alderdia), Errepublika garaiko erakunde eraginkorrenetako, Leninzalea, anarkista eta troskista joerako komunista asko erakarri zuena. Gerra zibila hasi (1936) eta Nin estalinistek bahitu eta hil ondoren (1937), Francesc de Cabo bihurtu zen POUMeko buruzagi. Alderdia borrokarako talde antifaxistetan eratu zuen berriz, eta gogor jardun zuten POUMekoek Aragoiko frontean. Buenaventura Durrutirekin ibili zen Cabo Ebroko gudu sonatuan. Gerra amaitzean (1939) Argentinara alde egin zuen, politika utzi eta irakaskuntzari ekin zion. 1982an itzuli zen Kataluniara, Andreu Nin Fundazioaren presidente gisara. Bertan hil zen 1997ko urtarrilean.