Cabañerosko parke nazionala
Espainiako Ciudad Real probintzian (Gaztela-Mantxa) dagoen parke nazionala, 1995ean hala izendatua. 40.000 hektareako eremua hartzen du, eta Cabañeros da Iberiar Penintsula barruko baso mediterraneoaren ekosistemaren ordezkaririk onena. Ciudad Realeko ipar-mendebaldean dago, Toledoko Mendien hegoaldean eta Estena eta Bullaque ibaiek zeharkatzen dute. Bi erliebe mota ditu: “raña”, material detritikoz estalitako lautada, Tanzaniako parke nazionaleko paisaiarekin duen antzekotasunagatik eta animalietan duen aberastasunagatik “Espainiako Serengeti” esaten zaiona, eta bestetik, mendiak: Chorrito, de la Celada eta del Gavilán mendilerroak. Artea, artelatza eta erkametza dira bertako zuhaitzak, baina ibar hezeetan eta ibai inguruetan urkia, haltza eta sahatsa ere aurki daitezke. Estrepa, txilarra, izpilikua, gurbitza, iratzea, eta ezin konta ahala zuhaixka, belar eta lorek osatzen dute bertako flora aberatsa. Oreina da rañako animalia nagusia (ehizatu egin behar da, gehiegi ugalduz gero lurra agortuko bailuke), baina basurdea, orkatza, katamotza, mangosta iberiarra eta igaraba ere ugariak dira, eta baita suge, sugegorri, musker, apoarmatu eta arrainak ere. Hegaztiak dira, hala ere, Cabañerosko faunaren aberastasun nagusia; zikoina beltzak eta zuriak, putre beltzak, eguzki arranoak, arrano beltzak, arrano sugezaleak, arrano txikiak, basoiloak, basoilo txikiak, mirotz urdinak, zozoak, hontzak eta mozoloak ez dute Europa osoan, ez aniztasunez eta ez kopuruz, parerik. 1981ean ekologisten eta herritarren ekintzek eragotzi egin zuten Cabañeros aire armadaren tiro-eremu bihur zedin.