Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Cabanillas

Nafarroa hego-ekialdeko udalerria (Tuterako merindadea). Mugak: iparraldean eta mendebalean Tutera eta Errege Bardeak, ekialdean Fustiñana, eta hegoaldean Ribaforada eta Fontellas. Altuera 259 m. 36,47 km2. 1.463 biztanle ditu (cabanillastarrak). Tausteko ubidea igarotzen da herriaren eskuinaldetik, eta ezkerraldetik, kilometro batera, Ebro ibaia. Hizkuntza, gaztelania. Nafarroako Foru Erkidegoko 1986ko Euskararen Legearen arabera, eremu ez-euskaldunean dago. Ekonomia jarduera nagusia nekazaritza da; (barazkiak, laboreak eta bazkarako landareak. (langileen % 46). Kontserba industria garrantzitsua (langileen % 30). v Historia. Artzain lurretan eraiki zen Cabanillas XII. mendearen hasieran, arabiarrak Erriberatik egotzi ondoren. Alfontso I.a Gudularia Aragoi eta Iruñeko erregeak hiri forua eman zion 1124. urtean. Historian zehar, gatazka ugari izan da Tutera eta Cabanillas artean, herri lurren erabilera zela eta. Errege Bardeak zuzenean erabil ditzaketen herrietako bat da Cabanillas.