Burgundia
(Fr. Bourgogne) Frantziako erdi-ekialdeko antzinako lurraldea, lau departamenduk osatua: Côte d’Or, Nièvre, Saône-et-Loire eta Yonne. 31.592 km2 eta 1.596.054 biztanle. Hiriburua: Dijon. Hiri nagusiak: Auxerre, Nevers, Mâcon. Parisaldeko arroa eta Rhône ibaiak ureztaturiko lurraldeak elkartzen ditu antzinako dukerri ospetsu honek. Burgundiako aginpide politikora bildu ziren hainbat jatorritako herriak. Goi-ordoki batek hartzen du ia osorik, eta altuera emendatuz doa lurrak hegoalderantz zabaltzen diren heinean. Muinoak eta ordokiak tarteka ageri dira, eskualdeen arabera. v Biztanleria eta ekonomia. Desagerturiko jarduera ekonomiko baten gune oparoa (zurgintza) eta atzera jo duten beste batzuen lurraldea (ardi azienda, ardogintza) izanik, industrializazioak bigarren maila batean utzi zuen Burgundia, alboko industria hirialdeen mesedetan (Paris eta Lyon nagusiki). 1861. urtean, Burgundiak egun baino ehun eta hogei mila biztanle gehiago zituen (1.714.000). Emigrazioa etengabea izan da orain dela ehun urtetik hona. Nekazaritzak kontzentrazio handia izan du: abeltzainek lehenik, nekazariek ondoren eta ardogileek azkenik. Burgundia mahasti lurralde oparoa da: bertan egiten da Frantzia eta munduko ardo ospetsuenetako bat (Bourgogne). Industria, gutxi garatua oraindik, oso bizkor zabaldu da azken honetan. Lyondik gertu dagoen hegoaldera (Saône-et-Loire departamenduko Creusot, Autun, Digoin, Guegnon eta Mâcon) askotariko industria modernoa bildu da (lurraldeko industria langileriaren % 42). Gainerako departamenduetako industria barreiatuagoa dago. Dijon, Paris eta Lyon artean dagoen hiria, Burgundiako hiriburua da, lurraldeko administrazio, merkataritza eta unibertsitate hiri nagusia. Hiri modernoa da (enpleguen % 62 zerbitzu alorrekoak dira) eta ohiko janari industriaz gainera (bertako ziapea guztiz ospetsua da), mekanikaren, elektrizitatearen eta elektronikaren alorrak oso bizkortu dira.
v Historia. Erromatarrak iritsi ziren garaian (K.a. I. m.), eduarrak (Aedui) bizi ziren Burgundia aldean. Erromatarrek hartu eta lurraldea Lyon izeneko probintzia barnean geratu zen Germaniarrak bertan finkatu ziren V. mende erdialdean eta Burgundia izena eman zioten erreinu berriari. Godebaldo errege burgundiarrak (516. urte aldera hila) herri hartako lehen lege kodea idatzi zuen. Gorabehera batzuen ondoren (Clovisen seme Clodomirrek Sigismundo Gobebaldoren semea hil zuen 524an) erreinu hau frankoen esku geratu zen (534). Burgundiako bigarren erreinua etorri zen ondotik, Gontran (561-592) Clotario I.aren semeak heredentzian hartua: hala, Orléansetik Aostara eta Sensetik Proventzako Arlèseraino hedatu zen. Merobingiarren eta karolingiarren mende egon zen urteetan, Burgundiak nolabaiteko autonomia mantendu zuen. Verdungo Itunaren ondorioz (843), Burgundia Karlos Burusoilari egokitu zitzaion eta Franche-Conté delakoa Lotario I.aren esku geratu zen. Karlos Burusoilak Burgundiako dukerria sortu zuen hil aurretik, Boson bere koinatuarentzat (877). Bi Burgundia eratu ziren Boson Proventzako errege bihurtu ondoren: Juraz haraindiko Burgundia edo Behe Burgundia (Arlès hiriburu) eta Juraz honunztiko Burgundia edo Goi Burgundia (Auxerre hiriburu). 934. urtean, bi Burgundiek bat eginik, Burgundia-Proventzako erreinua sortu zen, Arlès hiriburu, Frantziako koroari lotua egongo bazen ere. 1034an germaniar enperadorearen mendeko lurralde bihurtu zen Proventza.
v Burgundiako dukerria. Raul edo Rodolfo Burgundiakoa Frantziako erregea hil ondoren (Auxerre, 936), Capet dinastia koroaren jabe egin zen eta Burgundia Frantziari loturiko dukerri bihurtu zen. Frantziako errege Roberto II.ak, Bertha Burgundiakoaren senarra zenak bereganatu zuen lurraldea, baina hil ondoren (1031), Burgundia autonomo bihurtu zen berriz ere. Capet dinastia 1361. urtean iraungi zen (Filipe I.a Rouvres-koa izan zen azken dukea). Filipe II.a Ausarta, Karlos V.a Frantziako erregearen anaia gazteena, izan zen Valois etxeko lehen burgundiar dukea. Burgundiako dukerriaren garai oparoenen hasiera zen. Filipe II.ak Arlès, Franche-Conté, Flandes, Artois eta Nevers lurraldeak bildu zituen bere dukerrira. Joan Lurgabea haren semea Bourguignons edo burgundiarren alderdiburu bihurtu zen Armañac-ekoen aurkako guduan (1404-1419) eta Karlos VI.a Frantziako erregeak hilarazi zuen. Aita hil ondoren duke bihurtuta, Filipe III.a Onak (1419-1467) Macôn-go konderria bere egin eta dukerriko lurraldeak zabaldu zituen Pikardia, Belgika eta Holanda aldera. Garai hartako printze ahaltsuenetakoa zelarik, lurralde burgundiar guztien batasunaren sinbolo bihurtu zen Urrezko Toisoiaren Ordena sortu zuen. Karlos Ausarta bere seme bakarrak (1467-1477) liskarra baizik ez zuen ikusi Luis XI.a Frantziako erregearekiko harremanetan eta ez zuen batere asmatu suitzarren eta lorrenatarren aurkako gerretan. Nancy aldean hil zen, eta alaba bat utzi zuen oinordeko: hilabete batzuk geroago Austriako Maximilianorekin ezkonduko zen Maria Burgundiakoa. Luis XI.ak Burgundiako dukerria konkistatu eta Frantziako Iraultza arte garrantzi handia izan zuen parlamentua antolatu zuen Dijonen (1480). Austriako koroak, bestalde, Burgundiarako eskubideak jaso zituen Maximiliano eta emaztearengandik, baina 1526. urtean Burgundiako Parlamentuak (États de Bourgogne) Karlos V.a bertako jaun izan zedin gaitzetsi eta enperadore germaniarrak Cambrai eta Crépyko itunak (1529 eta 1544) izenpetu behar izan zituen, Burgundiarrekiko zituen asmoei uko eginez.