Bunyan, John
Idazle ingelesa (Estow, Bedfordshire, 1628 - Londres, 1688). Parlamentuko armadaren lerroetan borrokatu zen gerra zibilean (1644). Ezkondu ondoren (1647), emaztearen erlijio liburuen irakurketaren bidez bokazioa aurkitu zuen eta Eliza baptistaren ministro bihurtu zen (1657). Aparteko etorriaren jabe, Karlos II.a errege egin zutenean haren predikuak errestaurazioaren aurkakoak zirela eta, hamabi urtez eduki zuten presondegian (1660-1672). Bertan idatzitako Grace abounding to the chief of sinners (Bekatu handienari ematen zaion grazia, 1666) egilearen erruen aitorpen zuzena da. Beste obra bat, The Life and Death of Mr. Badman (Badman jaunaren bizitza eta heriotza, 1680), non pasadizuak bekatuen argigarri gisa ageri baitiren, eleberri moralaren aitzindaria da. Bunyanen obra nagusia The Pilgrim’s Progress from this world to that which is to come (Erromesaren bidaia mundu honetatik datorrenera, 1678, 1684) da, Ingalaterran Bibliaren ondoan irakurriena izan zena.