Buñuel, Luis
Espainiar zinema zuzendaria (Calanda, 1900 - Mexiko, 1983). Frantzian hasi zen zinegintzan, Jean Epstein-en laguntzaile (1925-1927). Bere lehen filmak surrealismoaren baitan kokatzen dira bete-betean. Salvador Dalí-rekin batera, haren argumentuak erabiliz, bi film egin zituen, joera anarkistakotzat hartuak: Andaluziako zakur bat, 1928; Urrezko aroa, 1930. Dokumental bat egin zuen gero, oso gogorra, Espainiako hegoaldeko miseria agertzen duena (Ogirik gabeko lurra, 1932). Zenbait urtean Mexikon enkarguzko film arruntak egin ondoren, berriz ere sormen handiko lanak egin zituen: Ahaztuak (1950), haur gaizkileei buruzkoa, Bera (El) (1952), erotismo handikoa; maisu lanak dira halaber, besteak beste Nazarin (1958), Viridiana (1962), Aingeru suntsitzailea (1962), Belle de jour (1966), Askatasunaren fantasma (1974), Desira-gai ilun hori (1977).