Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Brusela

(Neerlanderaz Brussel) Belgikako erdialdeko hiria eta Brabant probintziako hiriburua, Senne ibaiaren ertzean. 137.900 biztanle jatorrizko Brusela hiriak (1989). Hirialdeak 1.074.726 biztanle ditu. Hizkuntza: frantsesa. Bruselan EEE (Europako Ekonomia Elkartea), NATO (Atlantiko Iparraldeko Itunaren Erakundea), EIAE (Europako Ikatz-Altzairuen Elkartea) eta Euratom erakundeen egoitzak daude. Belgikako erregea ere han bizi da. Garrantzi handiko hiria da politikan, kulturan eta administrazioan. Artzapezpikutegia. Unibertsitatea.  v  Artea. Oso hiri ikusgarria da, monumentu ugari gorde dituena: XIV. mendeko gotorlekua, Saint Michel katedral gotikoa XVIII. eta XIX. mendeetako jauregiak, udaletxea (XV. mendekoa), Erregearen jauregia (XVI. mendekoa), Brabanteko artearen ezaugarriak dituen eliza (XIII-XV. mendekoa), eliza barrokoa (1657-1667), etab. Museo ugari: Arte eta Historia museoa, Arma (Europako museorik zaharrena, 1406) eta Armadaren museoak.  v  Ekonomia. Belgikako lehen hiria da, Anberes-Brussel-Charleroi industria ardatza osatzen duena: kimika eta mekanika industriak (automobilak, burdinbide gaiak, irrati-telebista tresnak), janari industria eta inprimategiak. Itsasoarekin lotzen duen ubideari esker Belgikako bosgarren portua da.  v  Historia. 977. urtean, Othon II.a Behe Lotharingiako dukerriko ondorengoak Senne ibaiko uharteetan gotorlekuak eraikitzea erabaki zuen (Brussella: bruoc, padura; sella, gela). Lehen harresiak, ordea, XII. mendean baizik ez ziren jaso. Kolonia eta Flandes bitarteko hiria, oihalgintzak leku hartu zuen Bruselan eta XV. mendetik aurrera artegune garrantzitsua bihurtu zen. 1516. urtetik aurrera espainiarren nagusigoa hasi zen (Karlos V.aren koroatzea) eta Filipe II.aren garaian (1555etik aurrera) espainiarren aurkako altxamendu eta matxinada ugari izan ziren Bruselan (Egmont eta Hoorne kondeen hilketa, Albako Dukearen aginduz, 1568). Luis XIV.aren armadak bonbardatu zuen hiria 1695. urtean eta Karlos Lorrenakoaren garaira arte (1744-1780) ez zuen bakerik izan. Konbentzioko garaian Frantziari lotua (1794-1814), Brusela Herbehereetako erregearen egoitza izan zen Haia hiriarekin batera. 1830. urteko Abuztuan Belgika burujabe bihurtu zuen iraultza hasi zen eta 1831n Leopoldo I.a sartu zen Bruselan Belgikako errege, hiria estatu berriko hiriburu eginik. Hiri zaharraren itxuraldaketa XVIII. mendean hasi zen. Auzo modernoek itxura berri batez jantzi dute egungo hiria.