Bruno, Giordano
Italiar filosofoa (Nola, Napoli erresuma, 1548 - Erroma, 1600). Aitonen seme, 1565ean dominikarren komentura bildu zen, eta teologia, filosofia eta matematika ikasketak egin zituen. Irakaskuntzan aritu zen, baina bere ideien ausardiak eta dogma gaietan zituen zalantzek heresia auzibidetan jarri zuten (1576). Erromara ihes eginik, 1580ean apaizgoa utzi zuen eta Ginebran hartu zuen babesa. Handik Tolosara eta gero Parisa aldatu zen. Sorbonan irakasle izan zelarik. 1583an Londresa joan, eta bertan idatzi zituen bere lan ezagunenak: Spaccio de la bestia trionfante (Piztia garailearen espazioa), erlijiozko sinismenen satira; De gl’heroici furori (Eromen heroikoez), adimenaren eta egiaren goresmena; La cena de le ceneri (Errauts afaria), De la causa…(Kausaz) eta De l’infinito universo et mondi (Unibertso infinitoaz eta munduaz), trilogia metafisikoa. Handik ere alde egin behar izan zuen teologo anglikanoengandik ihesi. Gero, 1585tik 1598ra bitartean Europako hainbat hiritan irakatsi zuen: Paris, Praga, Frankfurt, Padua, Venezia, etab. Azken hiri honetan Galileo ezagutu zuen. Inkisizioak bertan atxilotu eta Erromara eraman zuen. Torturatu arren ez zituen bere ideiak ukatu eta bizirik errearazi zuten. v Aristotelesen filosofia kritikatu eta Copernicoren teoria beretu zuen, zenbait alderdi zehaztuz. Panteista izanik, Brunok substantziaren betierekotasuna eta batasuna aldarrikatu zituen, Spinozaren alderdi batzuk iragarri zituelarik.