Brook, Peter
Britainiar antzerkigile eta zinemagilea (Londres, 1925). Lehenengo lanak Oxfordeko unibertsitatean ikasten ari zela egin zituen. Berehala ingeles antzerkigile ospetsuenetako bat bihurtu zen, eta Royal Shakespeare Companyko zuzendari izan zen 1962-1970 bitartean. William Shakespeareren Lear Errege lanaren ondoren (1962), Brookek estilo eta lan metodo berri bat asmatu zituen, Espazio hutsa lanean definitu zuena 1968an: testua eta obra biluztea eta berezko ingurura eramatea, obra eta antzezlearen lana kutsatu zuten tradizioak baztertuaz. 1970. urteaz geroztik Parisen hartu zuen bizilekua, eta Bouffes-du-Nord antzokian aritu zen. Poliki-poliki lanak oinarrira eramaten saiatu zen, baina mendebaldeko izpirituarekin oraindik ere, eta mendebaldeko forma dramatikoak eta beste kulturetako antzezpen moduen sintesia egin zuen, batez ere afrikarrak eta asiarrak. Askotan, bere lanetan eszenatokian tapiz bat edo osagai bakar batzuk besterik ez ditu biltzen, eta era askotako antzezleak jartzen ditu lanean; era horretan, lanek ohiartzun berri eta ez akademikoa hartzen dute: Mahabharata (1985), Nor da hemen? (1996). Zinemari dagokionez, bigarren mailakoa izan da Brookentzat: Eulien maiestate (1962), Karmenen tragediaren hiru bertsio (1983).