Brontze Aroa
Brontzezko tresna eta armak erabiltzen ziren historiaurreko aroa. Brontzearen erabilera Armenia edota Kurdistanen hasi zen K.a. 4500. urte aldera eta K.a. 2000. urtearen inguruan hedatu zen Europa aldera. Brontze Aroaren amaiera K.a. 800. urte aldera kokatu ohi da, burdina Mediterraneo aldean lantzen hasi zenean hain zuzen. Iberiako Penintsulako Mediterraneo aldean El Argar (Almeria) deituriko kultura garatu zen bitartean, Frantzian kultura zelta nagusitu zen. Euskal Herriari dagokionez Brontze Aroa K.a. 1200. eta 600. urteen bitartean kokatu ohi da. Garai horretako aztarnategietan azaldu diren giza hondakinak egungo gizonari berberari dagozkio eta tresneriaren artean aizkorak, geziak, azkonak, sastakaiak eta bestelako tresnak aurkitu dira. Jendea lezeetan (Santimamiñe, Lumentza, Harixtoi) edo artifizialki egokituriko harpeetan bizi zen. Hileta errituak aurreko aroetakoen antzekoak dira (hilotz metaketa lezeetan, trikuharriak) eta gorpuen errausketa Brontze Aroaren azken aldian hasi bide zen erabiltzen. Ageri den zeramika ere guztiz arrunta da, aurreko aroetakoa. Brontze Aroan hedatu zen ehun langintza. Santimamiñe (Kortezubi, Bizkaia), Lezetxe (Arrasate, Gipuzkoa), Lamikela (Kontrasta, Araba) eta Esterlocq (Angelu, Lapurdi) dira, besteak beste, Brontze Aroko langintzaren arrastoak dauden Euskal Herriko aztarnategi garrantzizkoenak.