Brooks, James
Estatubatuar margolaria (St Louis, 1906 - 1992). Aita saltzailea zuen eta Jamesen gaztaroan familia hara-hona ibili zen aitaren bidaiak zirela eta; horrela, Oklahoma, Colorado eta Texasen bizi izan zen 1911 eta 1922 bitartean. Hegoaldeko Unibertsitate Metodistan egin zituen arteko ikasketak, eta Dallasko Arte Institutuan ikasi zuen harik eta 1926an New Yorkera aldatu zen arte. Hau gauez osatu zituen bere ikasketak Arteko Ikasleen Elkartean eta bere estudioan. Garai hartako obretan gai sozialak agertu zituen, eta kezka berezia erakutsi zuen 1930eko hamarraldiko Ameriketako arkitekturaren gainbeherarekin eta dekadentziarekin. Lehenengo lanekin hasi zen ospea irabazten, WPAren Arte Egitasmo Federalean lanean jardun zuen sei urteetan egindako horma irudiekin; aipagarriak ditu New Jerseyko posta bulegorako horma irudia, Long Islandeko liburutegi batekoa eta New Yorkeko Nazioarteko Itsas Portuaren eraikinerako bi urte eta erdiko proiektu bat. Gudarostean denboraldi bat igaro ondoren New Yorkera itzuli zen eta abangoardiako pintoreak ezagutu zituen han. Picassoren eta Braqueren kubismoaren eraginpean lan egin zuen, eta haien eraginez hasi zen "berriro pintantzen nola ikasi" asmatzen. Errealismoaren bidea utzi eta abstrakzioan murgilduz joan zen pixkanaka. 1949an egin zuen bakarkako lehen erakusketa eta hurrengo urteetan zehar bere arteak espresionismo abstraktuaren anbiguotasun aberatsaren maisutasuna iritsi zuen. Brooks sarritan izan da subkontzientearen olerkaritzat hartua eta eragin handia izan du espresionismo abstraktuaren bilakaeran; bere karreran zehar adierazkortasun handiko lanak egin ditu eta bere bilakaeran aldaketarako eta egokitzapenerako trebetasun aparta erakutsi du, etengabe emanez bere artearen definizio berriak.