Brando, Marlon
Estatu Batuetako antzerki eta zinema antzezlea (Omaha, Nebraska, 1924). Actor’s studio-n ibili ondoren antzerkira igaro zen; 1944tik 1950 arte antzerkian jardun zuen. A Streetcar Named Desire (Tranbia bat desira deitua) izeneko antzerkiak eman zion sona, baina zinematik datorkio batez ere fama. Dramatizaziorako sen handia erakutsi zuen hasiera-hasieratik. Garai hartako bere lanen lekuko dira: ¡Viva Zapata ! (1952), Cannes-ko Jaialdian saria jaso zuena, Julius Caesar (1953), On the Waterfront (Kaietan, 1954), oskarraz gainera, Veneziako jaialdian zilarrezko Lehoia lortu zuena. Geroztik ere egin ditu entzute handiko filmak: Il padrino (1971), oskar saria jaso zuena, The last tango in Paris (Azken tangoa Parisen, 1972).