Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Brandenburgo

(Al. Brandenburg) Antzinako lurraldea Alemaniako Ekialdean, estatu horretako erdialdeko ordokiaren iparraldean, Elba eta Oder ibaien artean. Eskualde hauek hartzen ditu: Berlin osoa, Potsdam, Cottbus eta Frankfurt an der Oder. Hiriburua: Berlin.  v  Orografia. Izoztegi geruza sendo baten ondorioz, hareazko lur metaketa handiak zabaltzen dira hegoaldean (Fläming-eko muinoak, Behe Lusazia). Iparraldean Mittelmark beterri zabala hedatzen da (150 km), Havel eta Spree ibaiek eta aintzirek ureztaturiko turba lurraldea.  v  Ekonomia. Nekazaritza pobre samarra da; patata eta laboreak ematen ditu batez ere. Behi azienda. Azukre erremolatxa, barazkiak eta fruituak lantzen dira Berlin aldean. Berlingo ekonomia hazkundeak berebiziko eragina izan du lurralde osoan. Lignito hobi handiak izan dira Brandenburgoko industriaren oinarria: altzairugintza eta labe garaiak (Berlin, Heningsdorf, Brandenburgo), petrolio findegiak (Schwedt), ehunak (Wilhelm Pieck Stadt-Guben, Frankfurt an der Oder, Cottbus, Forst). Brandenburgo Sartalde eta Sortaldeko Europen arteko lurraldea da, Europa guztiarekin erraz aski komunika daitekeen eremua.  v  Historia. II. mendera arte germaniarren mende egon zen; eslaviarrak finkatu ziren bertan ordutik aurrera eta VIII. mendearen bukaeran Karlomagnok Brandenburgoko «marka» sortu zuen. Enperadorea hil ondoren, Alberto I.a Ballenstädtekoak tribu eslaviarrak bildu zituen bere ingurura, kristautu eta germaniartu ziren heinean. Alberto I.ak Brandenburgoko markgraf titulua hartu (1151) eta askaniarren dinastiari hasiera eman zion. Askaniako etxeak XIV. mendera arte agindu zuen Brandenburgon. 1323an Wittelsbach etxearen esku geratu zen eta 1361ean hautesle herri bihurtu zen. 1371n, ordea, Luxenburgoko etxea Brandenburgoko lurraldeaz jabetu eta 1417an Friedrich Hohenzollern-koa Brandenburgoko hautesle egin zuten. 1614. eta 1618. urteetan Kleve eta Prusiako dukerriek bat egin zuten Brandenburgorekin. Friedrich-Wilhelm Hautesle Handia Suediako Pomeraniaz jabetu zen (Fehrbellineko gudua, 1675) baina lau urteren buruan itzuli behar izan zuen lurralde hura. Haren semea, Friedrich III.a, Prusiako errege bihurtu zen 1701ean, Friedrich I. a izena hartuz. Handik aurrera Brandenburgoko historia eta Prusiarena batera joan ziren. 1815ean, Brandenburgoko lurralde zaharra bi gobernu berezietan banatu zen: Potsdam, sartaldean eta Frankfurt an der Oder, sortaldean. Brandenburgo Hohenzollern etxearen esku geratu zen 1918ra arte. 1945ean, Oder ibaitik ekialdeko Brandenburgo Polonia barnean geratu zen eta sartaldea Alemaniako Errepublika Demokratikoko land bihurtu zen, Sartaldeko Berlin izan ezik. 1990etik aurrera, sartaldeko Brandenburgo Alemania batuko land edo lurraldea da.