Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Berruguete, Alonso

Espainiako eskultore eta margolaria (Paredes de Nava, 1488 inguruan - Toledo, 1561). Pedroren semea eta bere ikaslea, dirudienez; 1508 inguruan Italiara joan zen, eta Erroman eta Florentzian egonaldiak egin zituen. Michelangeloren ikasle izan zen eta hari jarraituz sorturiko joera manieristari lotu zitzaion lehenetakoa izan zen. 1517an Espainian zegoen berriro eta ondoko urtean Karlos V.aren margolaria izan zen. Eskultore gisa, Valladoliden, Salamancan eta Toledon aritu zen. Eskultura polikromoa landu zuen, dramatismo agerikoa, manierismoaren ikusmoldeak jarraitzen dituena, baina tradizio gotikoak erabat ahaztu gabe. 1523an Mejoradako erretaula nagusia (Olmedo) egiteko kontratatu zuten. Ordukoa da, halaber, San Joan elizako Ecce Homo, Olmedokoa; lan erraldoi horietan daude Berrugueteren eskulturarik ezagunenak, hala nola San Sebastian ospetsua. Valladoliden, Santiago elizako Epifaniaren erretaula egiteko kontratua 1537koa da. Berak eginak dira Toledoko Katedraleko goiko aulkiteriaren erdia (1539) artzapezpikuaren aulkia, eta alabastroan landutako Antzaldatzea. Berrugueteren beste lan garrantzitsu bat Tavera kardinalaren hilobia da (1561).