Berry, James
Olerkari eta ipuinlari britainiarra, sortzez jamaikarra (1924). Nerabezaroan Estatu Batuetara emigratu zuen, eta 1948an Londresera. 1977an buru-belarri ekin zion idazteari, C. Day Lewis bekari esker. Emigrazioak eta berenaz oso bestelakoa den kultura eta gizarte batean bizitzeak etorkinei sortzen dizkien arazoak dira Berryren gai nagusia. Gainera, Antilletako folklorea eta hizkera arnasberritu zituen bere liburuetan. Olerkari gisa, Zirkulu hautsiak (1979) eta Dantza egiten dudanean (1988) poesia bildumak dira Berryren lan nagusiak. Bi antologia ere argitaratu ditu: Antilletako olerkarien antologia (1976) eta Babiloniako albisteak (1984). Hitz lauzko liburuen artean, aipatzekoak ditu Lucyren gutuna eta maitasuna (1982) eta Egun katea (1985). Bi ipuin bilduma idatzi ditu: Lapur bat herrian (1979) eta Anancy armiarma gizona (1989). 1981ean National Poetry Competition poesia lehiaketa irabazi zuen.