Bennett, Richard Rodney
Britainiar musikagile eta piano-jotzailea (Broadstairs, Kent, 1936). Howard Ferguson eta Pierre Boulez musikagileekin ikasi zuen, Londresko Royal Academy of Music-en eta Parisen. Telebistarako eta zinemarako musika idatzi du. Besteak beste, bera da film hauetako musikaren egilea: Joseph Loseyren Enigmaren giltzarria (1959), Sidney Lumeten Orient Expresseko hilketa (1974) eta Mike Newellen Lau ezkontza eta hileta bat (1994). 1960-1970 urteetan opera idatzi zuen, hala nola The Mines of Sulphur (1965), A Penny for a Song (1966), All the King’s Men (1968) eta Victory (1970). Horrez gainera, ganberako musika, kontzertuak, balletak, sinfoniak eta ahots bakarrerako zein abesbatzetarako musika idatzi du. Obra horien artean, aipagarriak dira Oboerako kontzertua (1970), Orkestrarako kontzertua (1973), Music for Strings (1978), Spells (1975), Isadora balleta (1981), Syrinx (1982-1986), 3. Sinfonia (1987) eta Tronpetarako kontzertua (1993). Musika herrikoia eta jazza jo ditu pianoan.
- Benjamin, Walter
- Benjamin
- Benlliure i Gil
- Benn, Gottfried
- Bennasar, Bartolomé
- Bennett, Richard Rodney
- Benou
- Benoué
- Bens, Jacques
- Bense, Max Otto
- Benson, George