Benet, Juan
Espainiar idazlea (Madril, 1927). Lanbidez ingeniaria, egungo Espainiako literaturan sortzaile berrizaleenetako bat da. Haren lehen liburuak (Nunca llegarás a nada, 1961) ez zuen arrakastarik izan. Urte batzuen buruan, Volverás a Región (1967) eleberria plazaratu zuen. Liburu honen gertalekua, Beneten beste askorena bezalatsu, Espainiako irudimenezko hiri bat da (Región); bertan erabiltzen dituen hizkera molde desberdinek, ordena kronologikorik ezak, bakarrizketa eta esaldi luzeek, denak batera hartuta, liburu bitxia bihurtzen dute. Esperimentuzko bidean barna haratago joanez, Una meditación argitaratu zuen 1970ean. Ildo beretik, beste zenbait lan argitaratu ditu: Una tumba (1971), Un viaje de invierno (1972), La otra casa de Mazón (1973), Sub Rosa (1973), Saúl ante Samuel (1983). Beste eleberri batzuen ondoren 1983an gerra zibila gaitzat duen sailari eman zion hasiera (Herrumbrosas lanzas). Azken lanen artean, El caballero de Sajonia (1991) eleberria azpimarra daiteke. Saiakera batzuk ere idatzi ditu, hala nola Londres victoriano (1989) eta La construcción de la torre de Babel (1990).