Benevento
Italiako hego-mendebaleko hiria (Campania), izen bereko probintziako hiriburua. 49.900 biztanle. Santa Sofia eliza (VIII. m.), XII. mendeko klaustro arabiar batez hornitua. Nekazaritzagune garrantzitsua (tabakoa). Benevento probintziak 314.000 biztanle ditu. v Historia. Hasiera batean Maleventum edo Maluentum deitua, erromatarrek izena aldatu zioten samniten hiri zaharrari eta Beneventum izena ezarri (K.a. 268). K.o. VI. mendean godoek bizantziarrak egotzi zituzten bertatik (545) eta, ondoren, lonbardiarrek dukerri ahaltsu bateko hiriburu bihurtu zuten (589). Normandiarrek 1047an konkistatu ondoren, Henrike III. enperadore germaniarraren esku geratu zen eta Leon IX. Aita Santuari eman zion (1052). Benevento Aita Santuen esku egon zen XIX. mendera arte. Italiako erreinuak bereganatu zuen 1860. urtean.