Beckenbauer, Franz
Futbolari eta entrenatzaile alemaniarra (Munich, 1945). Bayern Munich, Cosmos eta Hanburgo taldeetan jokatu du, zelai erdian hasieran eta atzelari libero gisa gero. Bayern Munichekin lau aldiz irabazi du Bundesliga (1969 eta 1972-1974), lau aldiz Alemaniako Kopa (1966, 1967, 1969 eta 1971), behin Errekopa (1967) eta hiru aldiz jarraian Europako Kopa (1974-1976). 103 partida jokatu ditu Alemaniako selekzio nagusiarekin. 1972an Eurokopa irabazi zuen, eta 1974an Munduko Kopa. Bi aldiz eman diote Urrezko Baloia (1972 eta 1976an). 1984an Alemaniako selekzioaren hautatzaile eta entrenatzaile izendatu zuten, eta Munduko Kopa irabazi zuen 1990ean. Marsellako Olympique taldearen entrenatzaile eta Bayern Munichen lehendakari eta entrenatzaile izan da. Guztira, Munduko bost Kopa jokatu ditu, futbolari zein entrenatzaile gisa.