Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Basutolandia

Britainia Handiaren zaintzapeko lurraldea. 1966ko urriaren 4an estatu burujabe bilakatu eta Lesotho izena hartu zuena. Hasieran boskimanoak bizi izan ziren Basutolandian. Gero bantu arrazako ngomi edo sothoak sartu ziren. Lurraldearen egitura menditsuari esker, eta Moshoeshoe buru zutela, zuluei aurre emateko egin zuten borrokan, bertako tribuak elkarrenganatzea lortu zen. Moshoeshoe hiltzean, Cap-eko koloniak bere mende hartu zuen, baina hark jarri zizkion zerga gehiegizkoen eraman ezinak haren kontrako matxinadara bultzatu zituen eta Britainia Handiaren zaingora itzuli zen berriro Basutolandia. Britainiarrek jatorrizko buruzagiei abantaila handiak eman zizkieten, baina bertako beste erakundeei ez zieten uzten askatasunik; Basuto Alderdi Nazionalak orduan, zenbait buruzagiren eta Hegoafrikaren laguntzarekin, 1965eko lehen hauteskundeetan gehiengoa lortu zuen, eta hurrengo urtean beregaintasuna. ik. Lesotho.