Basurko de Miguel, Unai
Bizkaitar itsasgizona (Portugalete, 1973). Zuzenbidean lizentziaduna. Txikitandik hasi zen nabigatzen, eta 500 estropada baino gehiagotan parte hartu du geroztik. 1997. urtean, José Luis de Ugartek bultzatuta, Australiara joan zen, eta Open 60 motako belaontziak gobernatzen ikasi zuen, Kanga Birtles maisuaren eskutik. Hurrengo urtean, Trans-Tasman Race irabazi zuen, eta ordu arteko marka onena ondu. 2003. urtean, munduko estropada gogorrenetako batean, Le solitaire de Figaro proban, parte hartu zuen; proba bukatzea lortu zuen aurreneko euskalduna izan zen. 2004ko martxoan beste errekor bat lortu zuen, Iberiako Penintsula (Bilbo-Bartzelona) 15 egunean inguratzean, batere geldialdirik egin gabe. 2007an, Velux-5 Oceans estropadan parte hartu zuen (munduaren bakarkako bira) Pakea Bizkaia izeneko Open 60 motako belaontziarekin, eta hirugarren egin zuen, marka ikusgarria ezarrita: 158 egun, 18 ordu eta 25 minutu. Hala, Unai Basurko da munduari bakarrik bira eman dion bigarren itsasgizon euskalduna, José Luis Ugarte bizkaitarraren ondoren, eta baita estropada ozeaniko batean podiumera igo den lehenengoa ere. Hori dela eta, 2007ko Kirolari Onenaren Saria jaso zuen, Eunate Agirre bodyboardlariarekin batera.
- Basualdo Elejalde, Jose Maria
- basur
- basurde
- basurdeki
- Basurko Ansola, Juan
- Basurko de Miguel, Unai
- Basurto
- Basusarri
- basauso
- basuto
- Basutolandia