Basterretxea, Jose
(«Oskillaso») Euskal idazlea (Madril, 1911). Madrilen jaioa izan arren, berehala eraman zuten Gernikara. Gero Zientzia Zehatzetako lizentziatura beretu zuen Madrilen bertan. 1936ko gerra hasi zenean Agirre lehendakariak Eusko Jaurlaritzaren Madrilgo ordezkari izendatu zuen. Gerra bukatutakoan irakaskuntzari ekin zion, institutuko irakasle gisa eta Nafarroako Unibertsitatean jardunez, baita Príncipe de Viana erakundean ere. Euskaltzaindiko urgazlea, gehienbat Euskera eta Egan aldizkarietan argitaratu ditu bere lanak. Hauen artean eleberriak, ipuinak, itzulpenak eta euskara gaitzat duten liburuak daude. Horietako batzuk: Kurloiak (1962), bere kabuzko euskara batu batean idatzia, eta Akatsbako gizonaren heriotza (1967) eleberriak; Mark Twainen Erregegaia eta eskekoa eta Charles Dickensen David Copperfield, ingelesetik itzuliak; El vasco de hoy, euskara ikasteko metodoa; El libro negro del euskara (1984), euskara batuaren aurkako iritziak azaltzen dituen liburua.