Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Basterra, Ramón de

Bizkaitar idazlea (Bilbo, 1888 - Madril, 1928). Zuzenbide eta Diplomazia ikasketak egin ondoren, Erroman eta Bukaresten aritu zen lanean. Gero Venezuelan izan zen eta 1920an Madrila joan zen bizitzera. Zibilizazio grekolatino eta kristauaren aldeko sutsua. Halaber, bai hitz neurtuetan bai hitz lauz hispanidadearen gaia landu zuen; bera izen zen ideia horren aitzindari. Prosazko liburuen artean, nabarmentzekoak dira: La obra de Trajano (1921) eta Los navíos de la Ilustración (1925), Gipuzkoako Errege Konpainiari buruzkoa. Poeta bukolikoa baitzen batez ere, Basterraren olerki gehienak Bilboko «Hermes» aldizkarian kaleratu ziren, gero zenbait liburutan bildu zirenak. Haietako batzuk: La sencillez de los seres (1923), sorterriko ikuskariak gogoratuz; Las ubres luminosas (1923); Vírulo, mocedades (1924); Vírulo, mediodía (1927).