Basterretxea Arzadun, Nestor
Eskultore eta margolari bizkaitarra (Bermeo, 1924). Gerra zela eta, bere familiak Ipar Euskal Herrira ihes egin behar izan zuen Nestor hamabi urteko zelarik. Bost urte eman zituen Donibane Lohizunen eta handik Parisa aldatu zen. II. Mundu Gerrak sorturiko egoera ezin eramanik, Atlantikoz bestaldera joan behar izan zuen familiak eta Buenos Airesen finkatu. Bertan hemezortzi urterekin hasi zen bere burua ezagutzera ematen margolari gisa, iragarki lanetan jardunez. Lehen aldiko lanetan Orozco mexikar muralistaren eragin sakona agerikoa du. Argentinan eta Uruguaien talde erakusketetan esku hartu zuen. Halaber, pintore gazteentzako Altamira beka ospetsua lortu zuen lehiaketa bidez, baita «Premio Unico a Extranjeros» delakoa ere 1949an. Hiru urte geroago Euskal Herrira itzuli zen, eta Arantzazuko Basilika berriko kriptako horma pinturak eginteko lehiaketa irabazi zuen. Lan honen erdia ia egina zuelarik, eliz hierarkiak lan osoa geldiarazi zuen, Vaticanok berak antolaturiko batzordeak Basterretxeak erabilitako molde plastikoak desegokitzat hartu baitzituen. Lan berean eskulturak bere gain zituen Jorge Oteizarekin Madrila abiatu zen, eta arkitekto zenbaitekin aritu zen lanean. Berrogeita hamargarreko hamarkadatik aurrera abangoardiako erakusketetan esku hartu zuen Europako eta Ameriketako hainbat hiritan: Veneziako eta Sao Pauloko bi urtez behingo erakustaldiak, Madrilgo Arte Ederretako erakusketa (1954); Bartzelonako III Bienal Hispanoamericana delakoa (1955), etab. «Equipo 57» deituriko arte esperimentaleko taldearen sorreran esku hartu zuen 1957an Ibarrolarekin batera. 1959tik aurrera eskulturaren eremua ikertzen hasi zen, espazioa bere lanean txertatu nahirik, margolanean halakorik egitea ezinezkoa baitzitzaion. Hasiera batean, altzairua, beruna eta zura landu zituen behe-erliebe konstruktibistetan (Gaua, Airetiko Ibilbidea, Kantauri Itsasoa…). Ondoko aldian espazio irekietan lan egin zuen: Iztuetari Omenaldia, Pío Barojari Omenaldia (Donostia), Iturria (Irun). 60-70 urteen hasieran egun euskal artean entzute handikoak diren Chillida, Oteiza, Mendiburu, Ruiz Balerdi, Sistiaga, Zumeta, Amable Arias eta Basterretxea bildu ziren «Gaur» taldean. 1962an Espainiako estatuko abangoardiako artearen agergarri izan zen Erakusketa Ibiltariaren partaide izateko aukeratu zuten Basterretxea, eta haren lana Holandan, Alemanian, Austrian, Argentinan eta Brasilen aurkeztu zen. Basterretxeak ahalbide eta teknika guztiak ikertu eta erabili ditu estetikaren hainbat alorretan, hala nola pintura, eskultura, zinema , argazkigintza, industria marrazkia, arkitektura, eta abarretan. Zinemaren alorrean, hain zuzen ere, Fernando Larruquertekin 1964tik aurrera bi dokumental, Pelotari eta Alquezar, egin zituen. Gero, bi urte t’erdiko lanaren ondoren, Oteizarekin batera, Ama Lur filma aurkeztu zuen 1968ko Donostiako Zinemaldian, arrakasta handia izan zuena. 1970ean Euskal Pintura eta Eskulturaren Erakusketan esku hartu zuen Mexikon. 1971n Donostiako bi urtez behingo II. Sariketan lehen saria irabazi zuen. Euskal Kosmogonia Saila deiturikoa da agian Basterretxearen lanetan handinahi nabarmenekoena. Konstruktibismoa eta espresionismoa biltzen dituzten hamabost zurezko eskulturak osatua da sail hau: euskal pertsonaia mitikoak, ohiturak eta indar kosmikoak irudikatzen ditu: Mari, Ilargi Amandre, Akelarre, etab. Beste bi sail ere egin ditu: Mascarones de proa (1975) eta Hilarriak (1974-75). Eusko Jaurlaritzaren Arte Aholkularia izan zen 1980-83 bitartean, eta azken urte horretan Gasteizko Eusko Legebiltzarrerako eskultura-sinboloa egin zuen. Garai horretan ere, behialako eliz hierarkiak jarritako trabak gainditurik, Arantzazuko lanak amaitu zituen (1982-84). Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak V. Larrearekin eta R. Mendibururekin batean hautaturik, euskal eskulturaren ordezkari izan zen Chicagoko Arte Azokan (1984). Lanak eta erakusketak etengabe eginez, 1989an Euskal Artzainari egindako monumentua inauguratu zuen Renon (Nevada, AEB). v Azken urteotan bere eskultura ugari jarri dituzte Euskal Herriko zein atzerriko herri eta hirietan. 1988an, esaterako, Bakearen Usoa eskultura –poliester zuriz eginiko lau tonako lana– jarri zuen Donostiako Zurriola pasealekuan. 1993. urtean Amara auzora aldatu zuten eskultura hori. Hurrengo urtean, Euskal Artzainari eskainitako monumentua ezarri zuen Nevadako Renon (Estatu Batuak). Oñatiko Urrintxo parajerako ere egin zuen 1998an euskal artzainei eskainitako eskultura. 1999an, bestalde, Xabierko San Frantziskori eskainitako eskultura egin zuen, Tokion (Japonia) kokatzeko. Nafarroako Gobernuaren eta Tokioko udalaren ekimenez garatu zen Periplo Xavier izeneko ekimenean, aipatu eskultura ez ezik, euskal santuak Asian egin zuen bidaiari buruzko telebista saioa ere prestatu zuen Basterretxeak. Azken urteotako lanen artean, aipagarriak dira, besteak beste, Tolosako udalaren aginduz egin zuen Goldea eskultura (2000 urtean inauguratua), eta bere jaioterrirako prestatu zuen arrantzaleen omenezko eskultura. Erakusketei dagokienez, 2000. urteko Udazkenean Euskal Kosmogonia saileko hainbat eskultura aurkeztu zituen Bermeon, marrazki eta collage-ekin batera, 1979an han bertan egin zuen erakusketaren oroigarri.