Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Basilea

(Al. Basel) Suitzako ipar-mendebaleko hiria, Rhin ibaiaren ertzean, Frantzia eta Alemaniarekiko mugan dagoena. 204.900 biztanle (1985). Burdinbidegunea, aireportua. Askotariko industria. Unibertsitatea. Rhin ibaiak bitan banatzen du Basilea: ezkerraldean Basilea Txikia industria aldea ageri da, ibai portuarekin batera (8.771.100 t 1984an); eskuinaldean, Basilea Handia, merkatu eta kulturagune garrantzitsua: katedral gotikoa (XIV m.), Martinskirche eliza (XI-XIV m.), Udaletxea (XVI m.), Karl Moser-en San Antonio eliza (1931). Arte Ederretako Museoa (Kunstmuseum), Witz, Holbein Gaztearen eta Böcklin-en lanekin.  v  Historia. Erromatarren garaiko Basilia (IV. m.), Burgundiako erresumako hiria izan zen 1032. urtean Germaniako Erromatar Inperio Santuak bere egin zuen arte. 1460an eratu zuten bertako unibertsitatea eta 1501ean Helbetiako Konfederazioko partaide bihurtu zen. V. mendetik aurrera apezpikuek gobernatua, Erreforma nagusitu zenean (1528), buruzagi katolikoak Porrentruy (al. Pruntrut) herrira aldatu ziren. Erasmo zegoelarik bertako unibertsitatean, Basilea protestantismoaren gune nagusietakoa bihurtu zen. XIX. mendean hiriaren eta nekazari herrien arteko tirabirek gerra zibila ekarri zuten (1831) eta bi urteren buruan bi azpi-kantonamendu egitea deliberatu zuten: Basel-Stadt (Basilea Hiria) eta Basel-Land (Basilea Herria).  v  Basilea, Ferrara eta Florentziako Kontzilioa (1431-1449). Kontzilioak Aita Santuaren gaineko nagusitasuna bermatu zuen.  v  Basileako Itunak. Lehen itunaren arabera (1795eko apirilak 4-5), Prusiak Frantses Errepublika ezagutu zuen; Frantziako osteak ez ziren Rhin ibaitik eskuinaldera igaroko. Bigarren ituna (1795eko uztailak 22), Frantziak eta Espainiak izenpetu zuten. Horren arabera, Frantziak Hispaniola edo Santo Domingo uhartearen sartaldea (Haiti) eskuratu zuen eta, ordainez, Konbentzio Gerran euskaldunekin, batez ere gipuzkoarrekin elkar aditurik hartutako lurraldeak utzi egin behar zituen (1974ko uztaila, Gipuzkoa; 1795, Bizkaia eta Araba, Nafarroan Irurtzun). Espainiako koroatik banandu nahi izan zuten gipuzkoarren aurkako zapalkuntzarik ez zela izango zioen puntua ez zuten Espainiako agintariek errespetatu.