Bartok, Bela
Hungariar musikagilea (Nagysentmiklós, 1881 - New York, 1945). Musika Bratislavan lehenbizi eta gero Budapesten ikasi ondoren, azken hiri honetan piano irakaslea izan zen 1907tik aurrera. Z. Kodály lagunak bultzaturik, Hungariako kantu herrikoiak eta folklorea, errumaniarra eta eslaviarra bereziki, ikasteari ekin zion. Kodályrekin batean ikas bidaiak egin zituen Europa Erdialdeko eskualde anitzetan eta, geroago, Afrikan. Modu horretara, herri musika biltzen zuten hogeita hamar mila disko grabatu zituzten. Bere lehen lanekin batera, folkloreko kanten transkripzioak egin zituen. Piano-jotzaile gisa bidaia anitz egin zuen bere sorterritik kanpora. 1934an irakasle postua utzirik, aurrerantzean Budapesteko Etnografi museoan musika sailaren arduraduna izan zen. Nazismoaren aurkakoa baitzen, 1940an Estatu Batuetara aldatu zen. v Bartoken lanak hainbat eragin jaso zituen bere karreran zehar. Hasieran, Liszten erromantizismoak ukitu zuen (Symphonie Kossuth, 1903); gero Debussyren inpresionismoari hurbildu zitzaion (Imajinak, 1911). Ondoko ikerketa aldian Stravinskiren espresionismoaren ondoan Berg eta Schönbergen kromatismoa azaldu zuen. Nolanahi ere, folklorearen eragina nabarmena da beti haren lanean. Bartoken artea, beraz, sintesi eta asimilazio ahaleginen adierazlea da. Bai melodia eta erritmo sortzaile, bai orkestratzaile gisa, musikagile sendo eta nortasun handikoa da. Bartoken musika aldi berean musika landua eta herri musika da, lirismo oparo eta kontrapuntu sarkorrekoa, politonalitatea gero eta konplexuagokoa. Ahotserako lanen artean nabarmen- tzekoak dira: Hungariar herri kantak (1911); Bizar Urdin-en gaztelua (1911); Mandarin miragarria (1919). Pianorako lanak: Allegro barbaro (1911); Sonatina (1915); Hiru Kontzertu (1926, 1931, 1945); Bi piano eta perkusiorako sonata (1937). Harirako idatzitakoen artekoak dira: Biolin eta pianorako bi sonata (1921, 1922); Biolin eta orkestrarako kontzertua (1938); Harirako sei kuarteto (1906,1940); Hari, perkusio eta zelestarako musika (1936), bere lanik ezagunena. Bestalde, Bartoken lan jarraitu etengabearen neurria ematen du bere semeari piano ikasketetan laguntzearren egin zuen Mikrokosmos (1926-1937) suitea, 156 piezak osatua.