Baroja Collet, Juan Luis
Gipuzkoar artista (Le Creusot, 1957). Frantzian jaio bazen ere, 1964. urtetik aurrera Eibarren bizi da. 1979an, Mari Puri Herrero eta Gabriel Ramos Urangaren eskutik, grabatua ikasi zuen, eta alor horretan nabarmendu da gehienbat, nahiz eta eskultura, collageak eta beste teknika batzuk ere landu dituen. Bere lehenengo erakusketa 1878an egin zuen Eibarren bertan, eta orduz geroztik taldekako 30 bat erakusketatan eta 15 bakarkakotan hartu du parte. 1983an Debako Artisau Ikasketen Zentroan, grabatu kalkografikoko arduradun izendatu zuten, eta urte berean Eusko Jaurlaritzak grabatu kalkografikoa ikertzeko laguntza eskaini zion. 1984 eta 1985ean Gure Artea sariketetan grabatuen bigarren saria jaso zuen, eta lehenengo saria Gasteizko Arte Plastikoen Sariketan. Beste hainbat sari ere eskuratu ditu, ez bakarrik Euskal Herrian, baita atzerrian ere. Bere obretako batzuk Zaragoza, Gasteiz eta Argandako Udaletxeetan, Gipuzkoako Diputazioan, Bilboko Arte Ederren Museoan, Madrilgo Liburutegi Nazionalean eta Eusko Jaurlaritzaren bilduman daude. 1997an, Mari Fran Agirregabiriarekin batera, Itzal grabatu eta edizio lantegia sortu zuen Soraluzen. Eibarko grabatuaren tradizioa eta artegintzaren bide berriak uztartzen ditu Baroja Colletek. Espainiako grabatugilerik onenen artean egoteaz gainera, eskultura lantzen ere jarraitzen du, eta 2000 urtean eskultura handi bat agindu zion Eibarko Udalak herrirako.
- Barnes, Julian
- barnetegi
- Barnet-en efektua
- barografo
- baroi
- Baroja Collet, Juan Luis
- Baroja Nessi, Pío
- Baroja Nessi, Ricardo
- Baroja Zornoza, Serafín
- Baroja
- barolita